Adur Ezenarro Agirre Ordiziako alkateak, Leire Arandia Aranburu D 'Elikatuz zentroko zuzendariak eta Paloma Enrique Ordoñez Cebanc-eko zuzendari nagusiak Ordiziako udaletxean sinatu duten elkarlan-hitzarmena aurkeztu dute. Bertan, bi erakundeek prestakuntza gastronomikoa, tokiko produktua eta turismo gastronomikoa bultzatzeko ekimenak garatuko dituztela aurreratu dute.
Cebanc eta D 'Elikatuz elkarteek sinatutako lankidetza-hitzarmenak agerian uzten du bi erakundeek interesak eta helburuak partekatzen dituztela prestakuntzaren, kultura gastronomikoaren, tokiko-produktu sustapenaren, turismo gastronomikoaren eta elikadura osasungarriaren arloetan, bai eta hezkuntza-, dibulgazio- eta toki-garapeneko proiektuen sustapenean ere.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea harro agertu da halako hitzarmena udalerrian aurkeztu dutelako. “Ordizia eta gure azoka erreferente bat dira tokian tokiko eta sasoian sasoiko produktuaren sustapenean, ekoizleekin daukagun tratuan eta baita turismo gastronomikoan ere. Azokak, bisitari askori, Goierri ezagutzeko atea zabaltzen die. Gaur hemen aurkezten ari garen elkarlanak erreferentzialtasun hori elikatzen jarraitzen laguntzen digu”.
Paloma Enriquez CEBANCeko zuzendariak, bere aldetik, elkarlan hitzarmenari balio handia eman dio. Izan ere, bere iritziz, “gure ikasleek benetako lan-testuinguruetan eta lanbide-maila altuan prestatzeko aukera izango dute, eta, bide batez, gurekin jasotzen duten formazioa praktikan jartzeko. Zalantzarik gabe, ekitaldi hauetan jasoko duten ezagutza eta esperientzia baliagarria izango zaie gure zentroan jasotzen duten formazioaren osagarri modura”.
Leire Arandia D´Elikatuz zentroko zuzendaria ere pozik agertu da. “Azken urte hauetan CEBANCekin izan dugun elkarlana oso positiboa da. Inplikazio maila altua da eta bi erakundeen artean sortu dugun sinergiak elkarlana sendotzera eraman gaitu; are gehiago, gaur sinatzen dugun hitzarmenak orain arte landu gabeko esparruetan ekimenak garatzeko aukera zabaltzen digu”.
Askotariko sinergiak
Hitzarmenak, besteak beste, ahalbideratuko du CEBANCko ikasleek D´elikatuz-ek antolatutako edo koordinatutako ekitaldi eta lehiaketa gastronomikoetan parte hartzea; hezkuntza-programak, tailerrak, bisitak eta prestakuntza-jarduera bateratuak egitea; gastronomian, jasangarritasunean eta tokiko produktuan berrikuntza-proiektuak garatzea; eta, azkenik, lurraldea eta turismo gastronomikoa komunikatzeko eta sustatzeko ekintzetan laguntzea.
Hitzarmena aurkezteko ekitaldian, aurreko puntuan aipatu diren ekitaldi horietako batzuen berri eman da: Gipuzkoako Odolki Txapelketa, Euskal Herriko Odolki Txapelketa eta Euskal Herriko Txistorra Txapelketa. Bertan jasotzen denez, ikasleak izango dira lehiaketara aurkezten diren produktuak epai-mahaikideei zerbitzatzeko arduradunak, lehiaketara aurkeztutako produktuak kozinatuko dituztenak eta publiko orokorrari bideratutako pintxoak prestatu eta zerbitzatuko dituztenak.
Hitzarmenak, gainera, elkarlanean garatuko diren hezkuntza-programak, tailerrak eta prestakuntza bisitak aurreikusten ditu, baita berrikuntza, jasangarritasuna eta tokiko produktuak sustatzeko ekimenak ere, azken hauek elikagaien aprobetxamendua hobetzeko, alfer-galtzea murrizteko eta tokian tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko.
D´Elikatuz-etik CEBANCeko ikasleei bideratutako formazio saioen artetik, honako hauek nabarmendu dituzte: elikadura osasungarria eta nutrizioa; tokiko eta kalitateko produktuak; edota, euskal gastronomia eta kultura-ondarea. Era berean, elkarlanean antolatuko dituzten tailer didaktikoen berri eman da: sasoiko sukaldaritza eta hurbileko produktua; elikagaien alfer-galtzea eta ekonomia zirkularra; edota, euskal kultura gastronomikoa.
Berrikuntza eta jasangarritasuna hitzarmenak jasotzen duen beste ardatzetako bat da; bi erakundeek helburu horietan sakontzeko proiektuak garatzeko konpromisoa adierazi dute, esate baterako: elikagaien aprobetxamendua hobetzera eta alfer-galtzea murrizteko; tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatzeko; eta, Goierriko eta Euskadiko gastronomiari eta produktuei balioa emango dieten sukaldaritza-proposamen berriak sortzeko.
Gainera, CEBANC-eko irakasleek eta D´Elikatuz-eko teknikariek euren ezagutza partekatzeko borondatea azaldu dute eta irakasle edo hizlari gisa parte hartuko dute publiko orokorrarentzako edo ostalaritza- eta turismo-sektoreko profesionalentzat antolatzen diren ikastaro, jardunaldi edo tailerretan.

